ie20070b

 

Wikipedia

Page history last edited by Anonymous 2 yrs ago

Wikipediaren "Eskola" gaiaren lana

 

Eskolari buruz hitzegiten hasi aurretik, Ikastetxe moten sarrera txiki bat egitea interesgarritzat jotzen dut.

""IKASTOLA:"" Euskaraz irakasten den lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxea, euskal eskola berezia. Eta guri bertan tokatzen zaigun gaia; Eskola.

""ESKOLA:"" Eskola hitzak, termino ezberdin asko ditu; hauek izanik garrantzitsuenak:

1. Zerbait irakatsi eta ikasten den lekua, bereziki lehen irakaskuntza ematen den ikastetxeari deritzo.

2. Eskolan ikasten dena, jakituria. Eskola gutxiko gizona.

3. Irakasle batek gai jakin bati buruz ematen duen irakaskuntza-saio bakoitza. Kimikako eskolak ematen ditu unibertsitatean.

4. Maisu edo maistra baten gidaritzara biltzen edo doktrina edota estilo berari jarraitzen zaizkion idazle, artista, pentsalarien multzoa. Sarako eskola. Rubens-en eskola.

5. (hed.) Jakituri edo irakaskuntza-iturburua. Hezkuntza zergati duen erakundea.

 

Eskolaren historioa

 

XIX. mendean ezarri ziren Frantzian (Guizot, 1833; Falloux, 1850; Ferry, 1879-82, legeak) eta Espainian (Moyano legea, 1857) eskolagintza berriaren oinarriak; Euskal Herria elebiduntzeko tresna ahaltsua izan zen eskola. Orduan hasi zen eskola euskaldun edo, gutxienez, elebidunaren eskea (estatu karlistaren ahaleginak, 1873-75 bitartean, dira horren lekuko). XX. mendearen hasieran Eusko Ikaskuntzak (Eduardo Landetaren lanak) eskola berri eta euskaldunaren oinarriak landu zituen. Kanpionek eskola publikoa kritikatu zuen hizkuntzarekiko jokabideagatik, baita Azkuek ere; honek 1896an bere Ikastetxea ireki zuen.

Bizkaiko Diputazioa estatuak betetzen ez zituen beharrizanak betetzen ahalegindu zen eta 125 auzo-eskola sortu zituen 1920-1932 bitartean, euskara aintzakotzat hartzen zutenak. Garaiko mugimendu politiko eta intelektualaren fruitua ikastolaren jaiotza izan zen: 1914an ernatu zen, M. Muñoak, Donostian Koruko Andre Mariaren Ikastetxea sortu zuenean. Bertan, haurtzaindegiko zein lehen mailako irakaskuntza euskaraz ematen ziren. Muñoaren espirituari jarraituz, euskal eskola gehiago zabaldu ziren: Tolosa (1922), Errenteria (1928), Soraluze (1932), Bergara (1932), Iruñea (1932), Lizarra (1932), etabarretan. 1932an Bilbon Eusko Ikastola Batza sortu zen, euskal eskolen garapena sustatzea helburu zuena.

 

Garai hartako ikastolek aldarrikatzen zuten hezkuntza-eremuaren ezaugarriak:

1. Herritarra

2. Klase sozial guztiei irekia

3. Euskalduna

4. Kristaua

5. Pedagogi korronte berriei irekia.

 

Espainiako Gerra Zibilak Ikastolen desagertzea ekarri zuen. 1944an, Muñoaren lankide izandako Elbira Zipitria Donostiara joan eta guraso-talde batekin eskolak euskaraz ematen hasi zen bere etxebizitzan prestatutako gela batean. Zipitriaren lana funtsezkoa izan zen, gerra aurreko tradizioarekiko lotura izateagatik eta pedagogi ikuspegitik aplikatu zituen ereduengatik. 1950.eko hamarkadan beste andereño batzuek ikastolak zabaldu zituzten Donostian. 1960.eko hamarkadan ikastolen boom-a gertatu zen eta Euskal Herri osora zabaldu ziren: Bilbo (1957), Iruñea (1963), Gasteiz (1966) eta Baionara (1969).

 

Ikastolaren hedapen azkarraren atzean hainbat arrazoi:

 

1. Garaiaren onura ekonomikoa

2. Gizartearen zenbait sektoreren euskal kontzientzia handia

3. Irakasleen konpromezua (militantismoa)

4. Euskal kulturaren berpizkundea.

 

Ikastolek, erakunde autonomikoak sortu arte, erakunde publikoen laguntza izan dute neurri batean (1970eko legalizaziotik aurrera).

 

Elizaren babesa funtsezkoa:

 

Funtsezkoa, baina ikastola batzuk akademia bezala sortu ziren. Beraz, egungo ikastolak gurasoen eta beste herritar askoren lanaren fruitu dira, eta Euskal Herri osoan zabaltzearekin batera ikasle-kopuruak ere gora egin du: 596 ikasle (1964), 8.255 (1970), 65.273 (1980) eta 66.541 (1992). 1969an Gipuzkoako Ikastolen Federazioa sortu zen, ikastolen arazo eta beharrei erantzun bateratua emateko asmoz. Geroztik, eta asmo berdinez, Bizkaikoa (1977), Arabakoa (1974), Nafarroakoa (1976) eta Iparraldeko Seaska (1969) eta guztiak biltzen dituen Ikastolen Konfederazioa (1988) sortu ziren. Finantziaziorako laguntza eta euskal giroaren sustapena helburu, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araban Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats festak antolatzen ditu tokian tokiko ikastola-mugimenduak. Ikastoletatik euskal eskola eta hezkuntza-sistema berria eta propioa aldarrikatzen den bitartean, lurralde desberdinetako lege eta borondate politikoaren ikuspegi desberdinak direla medio, ikastolek instituzionalizazio-prozesu desberdina izan dute EAEn, Nafarroan eta Iparraldean.

 

Euskal Autonomi Elkartean, ikastolek "eskola publiko ez estatalen" aitortza jaso zuten 1980an, euren egoerak hoberako aldaketa koalitatiboa nabari zuelarik. Denbora igaro ahala, administrazio publikoaren ohizko ereduaren aldaketa ia-ia ezinezko bihurturik, ikastolek aldarrikatzen zuten Euskal Eskola eredua lortzea gero eta zailagoa zen.

 

1993an, Eusko Legebiltzarrak onetsitako Euskal Eskola Publikoaren Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastolak ikastetxeen sare publikora bilduko ziren ala ez erabakitzera derrigortu zituen. Komunikabideetan eta gizarte-maila orotan, jakinmin eta arreta handiz bizi izan zen ikastola bakoitzaren erabaki hartzea; hainbat ikastolatan eztabaidaren latzak samin handiko egoerak sortarazi zituen. EAEko ikastoletako ikasleen % 40 biltzen zituzten ikastolak sare publikora bildu ziren; gainerakoak lehengoan mantendu ziren (aurrerantzean, sare publikora bildu ez zirenek "partaidetza sozialeko ikastola" izena eman diote beren buruari). Egoera juridiko-administratibo berri honek ekarri zuen zatiketak, ordea, ez zuen Ikastolen Federazioen barruko hausketarik ekarri. Bai sare publikora bildutako ikastolek, bai partaidetza sozialekoek Ikastolaren hezkuntza-proiektua mantentzeko, garatzeko eta indartzeko asmoz batuta jarraitzen dute, euskal irakaskuntzari ekarpen berriak eskaintzeko.

 

Nafarroako ikastolak

 

Nafarroako ikastolei ikastetxe pribatu hitzartuaren tratamendua aplikatzen die Nafarroako gobernuak eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen baldintzak zorrotz betearazi; ondorioz, ikastola nafarren normalkuntza zaildu egiten da. Honetaz gain, Nafarroako lurraldean hizkuntzaren arabera eginiko eremu-banaketa ikastolen kalterako da, bereziki "Ley del Vascuence" delakoak ezartzen dituen eskualde erdaldunetako ikastolen kasuetan. 1995ean indarrean ezarritako eskola-mapak ikastolen hazkuntza moztu edo arriskuan jarri du hainbat herritan, finantzaketa publikoa ukatzen baitie Bigarren Hezkuntzaren mailetan. Euskara hizkuntza ofizialtzat onartua ez dagoen Ipar Euskal Herrian, aldiz, Frantziako gobernuak 1982an Seaska, ikastolen elkartea, "kultur elkarte" gisa aintzakotzat hartu zuen. Zazpi urte geroago, 1989an, Iparraldeko ikastolen Haur Eskolek eta Lehen Hezkuntzako gelek lehenbiziko dirulaguntza publikoak jaso zituzten. Eta 1992an, Bigarren Hezkuntzaren hainbat mailatako irakasle-kopuru jakin baten kostua bere gain hartu zuen administrazio frantsesak. Azkenik, 1995ean Frantziako Hezkuntza Nazionalaren Ministerioak Seaskan biltzen ziren ikastoletako hezkuntza-maila ororentzako dirulaguntzak luzatu zituen, beste neurri batzuen artean. Ikastolak eskola gisa onartuak izan ziren beraz, eta, nolabait, normalkuntza bidean abiatu.

 

1996. urtearen hasieran, ikastolen hurrengo urratsa "euskaldun hezkuntza demokratikoa, anitza, oparoa eta modernoa ahalbideratuko duen" Pedagogi Plan Nazionala gauzatzea dela iragarri zuen Ikastolen Elkarteak, "ikastolen mesedetan ez ezik, baita ikastola ez diren baina euskal eskola izan nahi duten gainerako ikastetxeen faboretan ere".

 

 

IKASTOLA EREDUAREN EZAUGARRIAK:

Plan Integralean onetsitakoa Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan

1. Euskalduntasuna, heziketa-ardatza

2. Izaera herritarra, titularitate soziala

3. Eraldatzailea, h.sisteman

4. H.komunitatearen eskuhartz.aktiboa

5. Gestio autonomoa, ikastolan

6. Ikastolen arteko lankidetza: Elkartea

7. Elkartasun Kutxa

8. Lan esparru espezifikoa

9. I+G, oinarrizko prozesu gisa

10. Prestakuntza Plana

11. Ikasmaterialgintza propioa

12. Ekonomia sozialekoa

13. Euskal Herriari atxikia

14. Autoebaluazioa

15. Kalitatea

Comments (0)

You don't have permission to comment on this page.